Onartu duten txerto-egutegiak zenbait berrikuntza ekarri ditu. Alde batetik, umearen lehenengo urtean ematen zen BCG (tuberkulosia) txertoaren txertaketa unibertsala kendu egin dute, baita 13 urterekin ematen zen B hepatitisaren txertoa ere. Beste alde batetik, datorren urtetik aurrera, pneumokokoaren aurkako txertoa sartzeko asmoa agertu dute.Aldakuntza hauen inguruan esan behar da, lehenengoa, tuberkulosiaren aurkako txertoa, gure Autonomia Erkidegoan bakarrik mantentzen zela eta gaixotasuna kontrolatuta dago, guztiz. Horregatik, aurrerantzean, BCG txertoa osasun arloko profesionalek erabakitzen duten arrisku-taldeei bakarrik emango zaie.
13 urterekin ematen den B hepatitisaren txertoa 2000. urtean ematen hasi zen. Bizitzaren lehen urtean B hepatitisaren kontrako txertoa hartuta ez zuten ume-taldeen txertaketa osatzen zen dosi horrekin. Gaur egun, 2000. urtean jaiotako ume guztiek hartu dute B hepatitisaren aurkako txertoa, beraz, 13 urterekin hartzen zena sobera dago.
Pneumokokoaren aurkako txertoari dagokionez, ez nuen itxaroten egutegian sartzea atzeratzeko erabaki hau. 2012. urtea amaitu orduko 2013an sartzeko asmoa zuten, baina, azkenean, 2014ra arte atzeratuko dute, larrialdi epidemiologikorik ez dagoela ikusi dutelako. Prevenar txerto ezagunaz ari gara. umearen lehen hilabeteetan ematen da. Hemen, momentuz, farmazietan erosten da, baina Europako 20 nazio baino gehiagotan pneumokokoaren aurkako txertoren bat sartuta daukate txertoen egutegi barruan. Daukan eraginkortasun eta segurtasun handia ondo erakutsita du txerto honek.
0 Comments