Eskola-adinean nahiko ohikoak izaten dira zorri-izurriak eta guraso batzuentzat amaiezina bihurtzen da zorrien aurkako borroka hori.
Aholkutxo batzuk emango dizkizuegu eta lagungarriak izango dituzuen oinarriak ere:
1- Zorriek ez dute hegan egiten, ezta salto ere. Txanoak, toallak … konpartituz nahasten dira, baita beste pertsona batzuekin hurbileko kontaktua izateagatik ere.
2- Zorriak nahastatu zaizkigunaren susmorik izanez gero, onena, ilea ondo aztertzea da, batez ere atzeko aldea, garondokoa, eta baita belarrien atzea. Hortz estuak dituen orrazi berezia erabiliz gero, askoz hobeto ikusiko ditugu bazpiak.
Ilea hobeto aztertuko dugu bustita dagoenean eta mototsak hartuz. Ile bustian zorriak gutxiago mugitzen dira, dorpeago, esan dezakegu. Baina, kontuz! Ez du balio orrazi estu hori 2-3 minututan pasatzeak eta kito. Orrazketak, eraginkorra izateko, 20-30 minutu iraun behar du, gutxi gora-behera.
3- Batzuetan galdetzen digute beharrezkoa ote den etxeko denek (ama, aita, anai-arrebek) tratamendua hartzea. Erantzuna EZETZA da, ez da beharrezkoa prebentzio neurri modura etxeko denak tratatzea, ez bada hauek ere nahastuta daudela eta zorriak dauzkatela, orduan bai.
4- Tratamendu osoaren barruan sartzen dira: hortz estudun orrazia eta buruan eman behar den produktua, topikoa alegia (batzuetan orrazia pasatze hutsa ez da izaten nahikoa). Hainbat produktu topiko daude. Ezin dugu esan bata bestea baino hobea denik. Utz dezagun hori bakoitzaren gustupean. Bat ere ez da % 100 eraginkorra; horregatik gomendatzen da aplikazioa 7-10 egunetan errepikatzea (lehenengo aplikazioarekin zorri biziak hilko ditugu baina ziurrenik tratamenduak hilko ez dituen bartzen batzuk geratuko zaizkigu eta horiek bigarren aplikazio bat beharko dute).
Eta hau guztia esanda, zuen esku geratzen da azaldutakoa praktikan jartzea.
0 Comments