Azal atopikoen hilabete honetan, sarreratxo bat idatzi behar genuen gaitz honi buruz. Astea hasteko hona hemen gure laburpena.
ZER DA AZAL ATOPIKOA?
Azal atopikoa gaixotasun dermatologiko kroniko bat da. Batez ere, umeetan emoten dena. Azala oso lehor agertzen da, ekzemak agertu arte, eta azkura nabarmena emoten du. Badirudi, herentziak baduela azal atopikoan zer esana. Hala ere, ez dago argi oraindik zein den bere kausa, horregatik esaten da kausa multifaktoriala duela. Azken aldian goraka egin du oso azal atopikoaren prebalentziak, %20koa da. Hau da, hamar txikitatik bitan azalduko da atopia. Adituek diotenez, gorakada honen erantzunle gaur egungo bizi modua ere bada antza. Azal atopikoan eragin negatiboa izan dezaketen faktoreak:
- Kutsadura
- Ama erretzailea izatea
- Edoskitze eza
- Ama izateko adina atzeratzea
- Klima oso lehor edo/eta oso hotza
- Giro industrializatua
%60 kasutan azal atopikoa lehenengo urtean adierazten da.
Gaixotasun hau «brotetan» emoten da. Hau da, sasoi batzuetan sintomek txarrera egingo dute, eta beste sasoi batzuetan sintomak arindu egingo dira. Sasoi txarrak, hobegoekin tartekatuz doaz.
Broteak bai kopuruz baita larritasunez ere gutxitzea da tratamenduaren helburua, sasoi «onak» areagotuz.
Haurretan hantura eta ekzemen kokaleku tipikoak hauexek dira (lesioen kokapenak diagnostikoan lagunduko du, beste dermatiti batzuetatik ezberdindu ahal izateko): aurpegi – masailetan, garezurrean ( «costra lactea» ), belaun atzean eta ukondoaren alde extentsorean.
ZEIN ANTZEKOTASUN DAGO NARDIZ TAR JON KALEA ETA AZAL ATOPIKOAREN ARTEAN?
Azal atopikoa zertan datzan ulertzeko, farmazian sarritan erabiltzen dugun antzekotasun-adibide bat kontako dizuegu. Gure Nardiz tar Jon kaleko galtzada harriei erreparatzen badiezue, putxuak sarri egiten direla ikusiko duzue. Putxuez gain, adokinak ere batzuetan solte egoten dira. Ondorioz, kalean zastarrak batzen dira lekutan, hautsa batzen da eta autoak pasatzen badira, zipristin galantak sortzen dituzte. Kaleak berak ez du gaitasunik kalte hauek berez gutxitzeko, ondo ezbaitago eraikita.
Azal atopikoetan Nardiz tar Jon kaleko gaitzak gertatzen dira. Azaleko barrera funtzioa ez da egokia, «azaleko galtzada harriak» ez daude bata bestearen alboan ondo lotuta eta alergeno eta irritanteak barneratzen dira. Irritante hauen ondorioz, azalaren inflamazioa gertatzen da eta azkura. Azalak ez du gainera ura erretenitzeko gaitasunik eta ura galdu egiten da, azala lehor lehor utziz.
Nardiz tar Jon kaleko galtzada-harriak, azal atopikoaren gaitza azaltzeko eredu.
ZELAN ZAINDU AZAL ATOPIKOA?
- Higiene eta hidrataziorako produktu egokiak erabili. Higienerako «Syndet» produktuak eta oso emolienteak direnak gomendatzen dira. Guk Leti AT4 markako produktuak gomendatzen ditugu. Azala pilo bat hidratatzen dutelako eta aproposak diralako ume zein helduentzat. Azala hidratatzeak berebiziko garrantzia du. Azal atopikoa azal lehorra da eta hidratazio on batekin broteak eta azkurea kontrolpean egon ahal dira.
- Azala hidratatzeko ohitura hartu, bai gorputz eta bai aurpegiko azala.
- Hotz egiten duenean, ez ahaztu aurpegiko hidratazioa.
- Giro oso lehorrak eta oso hotzak ahal diren neurrian ekiditu. Negu sasoian adi berogailuei; azal atopikoaren sintomak larritzen baitituzte.
- Azala lehortzeko eskuoihalarekin «tokeak» emon. Eskuoihalarekin marruskadura mugimenduak ekiditu behar dira.
- Erropak garbitzeko erabiltzen diren lixiba eta krema leungarriak ez dira oso gomendagarriak izaten, azala erre dezakete.
Azalpen eta adibide bermeotar honekin espero dugu azal atopikoa zertan datzan ulertu izana. Bestela, badakizue non gauden.
Horrelako informazioa buletin elektroniko bitartez jaso nahi baduzu, harpidetu gure buletinera eta ZAINDU GANORAZ!
http://farmaziagabilondo.com/eu/
Sarrera idazteko informazio iturria:
- Recomendaciones de la Sociedad Española de Farmacia Comunitaria (SEFAC) a la población. Consejos para el paciente con dermatitis atopica.
0 comentarios